2050ean, arrainak baino plastiko gehiago egongo da ozeanoan. Izugarria, ez da hala? Jakina izugarria dela, eta, zalantzarik gabe, orain hartu behar dugu horren gaineko kontzientzia, eta, batez ere, orain egin behar dugu lan egoera horri buelta emateko. Ez dugu geratu behar zain, “goikoek” zerbait egin dezaten. Iraultza orotan bezala, geuk izan behar dugu eredu.

“Ekintza txikiek emaitza handiak izan ditzakete”

Bakoitzak etxean egin dezakeen ekintza txiki bakoitzarekin hasten da aldaketa. Ahalegin handia eskatzen diguten aldaketak dira, gure bizitzako erritmoa −zeina, bestalde, frenetikoegia baita− aldatzea eskatzen digutenak, baina egin egin behar dugu, guregatik eta gure seme-alabengatik.

Baina ez gaitezen izan hain ezkorrak, eta jar ditzagun martxan aldaketa horretara bultzatzen gaituzten ekimenak. Hain zuzen, horietako bat da, ekainaren 8an, Urdaibaiko Biosfera Erreserban eta Gaztelugatxeko biotopo babestuan antolatu den garbiketarako eta plastikoa jasotzeko ekimen herritarra: Zero Plastiko Urdaibai.

Pozarren gaude!, eta are gehiago, aste bete baino gutxiagoan inskripzio guztiak bete baitira! Pena da parte hartu nahi eta ezingo dutenentzat, baina arrakasta handia antolatzaileentzat. Hain zuzen, Bermeo Izaro Sub urpekaritza taldearen gidaritzapean antolatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailarekin batera, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zerbitzuaren bitartez. Lankidetza arrakastatsua!

Hainbat jarduera antolatu dira. Batetik, plastiko bilketa egingo da 9:30etik 13:00era, Gaztelugatxetik hasi, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren itsasertz guztitik pasa, eta Elantxobera arte. Lurrean, ur gainean eta ur azpian egingo dira garbiketa lanak. Lan horiek egiteko aurreikusitako plaza guztiak bete diren arren, 13:00etik aurrera Ekoetxea Urdaibaira joateko aukera dago. Hainbat ekintza antolatu dira han: hitzaldiak, birziklatzeko tailerrak, Urdaibaiko Biosfera Erreserbari buruzko erakusketaren bisita gidatua, kontzertuak… Hemen begira dezakezue agenda

Zero Plastiko Urdaibairen webgunea bisitatzera animatzen zaituztegu, antolatzaileek egin duten lan eskerga ikusteko. Izan ere, plastikoen bilketa erraldoi horrez gain, lan handia egiten dute ohitura jasangarriagoak zabaltzeko eta horien inguruan sentsibilizatzeko. Webgunean sartu, eta “murriztu zure aztarna” atalera joan, eta proposatutako erronka aurrera eramatea proposatzen dizuegu.

 

Plastikoak batzerakoan kontuan izateko aholku batuk 

Azpimarratu behar da plastiko-bilketaren eremu asko Natura 2000 Sarearen barruko BBE eremuak direla, hau da, hegaztien babes bereziko eremuak. Hori dela eta, txoriei enbarazurik ez egiteko aholku batzuk aipatuko ditugu, asko habia egiten eta beste asko atseden hartzen ari baitira, egindako migrazio-bidaia luzearen ondoren. Horretako Urdaibai Bird Centerekin jarri gara harremanetan eta hauek dira emandako aholkuak:

 

 

 

Beste ekimen batzuk 

Pairatzen ditugun eta etorkizunean −baldin eta ezer ere egiten ez badugu− modu bortitzagoan pairatuko ditugun ingurumen-arazoen gainean sentsibilizatzeko lan egiten duten beste ekimen batzuk ere aipatu nahi ditugu.

Horietako bat da Fundación Lurgaia, irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu eta independentea, natur ondarearen kontserbazioa eta kudeaketa bultzatzea helburu duena. Besteak beste, baso autoktonoak berreskuratzeko eta kostaldean hondakinak biltzeko jardunaldiak egitea dute helburu; horien artean, 2018ko abuztuan egin zuten hauxe.

Duela gutxi, Mater ontzi museoa ezagutu dugu, desegin aurretik salbatu zuten euskal atunontzia, euskaldunen arrantza-tekniken jasangarritasuna erakusteko eta itsas ingurunea zaintzeko beharraren inguruan sentsibilizatzeko.

Eta, azkenik, nazioartekoagoa izan arren, tokiko ekintzak ere egiten dituen beste ekimen bat: Fundación SurfRiders. Plastikoen garbiketaren inguruan dituzten ezagutzak azaltzen dizkiote interesa duen orori.

Horiek azpimarratu ditugu ezagutzen ditugulako, baina oso gustura ezagutuko genituzke beste batzuk ere. Zenbat eta gehiago, hobe! Hainbat gauza egin ditzakegu etxean bertan, garbiketa-jardunaldiak antolatzen dira (gero eta gehiago egitea espero dugu) eta klik egin eta aldatzeko erraztasunak ematen dizkiguten fundazioak ere badira; beraz, ez dago aitzakiarik lanean hasteko. Eta, gainera, ondo pasatzeko aitzakia ederra da!