Pozarren gaude Urdaibai Biosfera Erreserbak Turismo Jasangarriaren Europako Gutunera atxikitzen delako, Euskadiko lehena izanik. Eta garrantzitsua den berria denez, gutun hau zertan datzan kontatu nahi dizuegu.
Azken urteotan, Euskadin ezezaguna zen fenomeno turistikoa gero eta presenteago egoten hasi da gure eguneroko bizitzan. Turistak harrera hain onarekin jasotzen ditugunez, askok aukeratzen dute gure ingurua, natura, kultura eta gastronomia, beraien oporretako konpainia izateko. Eta hain zuzen ere hor dago koska; etorkizunerako zehaztu nola nahi dugun turistek gure inguruaz gozatzea eta gurekin elkarrekin bizitzea. Izan ere, turismoak helmuga bati eman diezaiokeen abantailen artean, zuhur jokatu behar dugu izan ditzakeen efektu suntsitzaileekin eta aspaldian hain ospetsua egin den turismo masiboa saihetsiz.
Beraz, zer da Turismo Jasangarriaren Europako Gutun hori?
Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna EUROPARC fundazioaren ekimen bat da, Europako eremu babestuetan turismo iraunkorra bultzatzeko helburuarekin. Beraz, gako-hitza Garapen jasangarria da, eta Gutunaren plana kontzeptu honetan oinarritzen da, hau da, “Egungo belaunaldien premiak asetzen dituen garapen bat, etorkizuneko belaunaldien premiak asetzeko gaitasuna arriskuan jarri gabe” Zaila baina erronka polita duguna aurretik!
Gutuna ez du erakundeetatik inposatutako plan bat izan nahi, baizik eta metodo eta borondatezko konpromiso bat, bai naturguneen kudeatzaileei, kasu honetan Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatua, eta enpresa turistikoei zuzenduta, baita lekuko berezi hauen biztanleen alde jokatzen duena.
Onurak:
Eta dena “planaren” arabera ateratzen baden, ekarri ditzakeen onurak oso garrantzitsuak dira; bai naturgunearentzako, enpresentzako, biztanleriarentzako, naturarentzako eta tokiko ekonomiarentzako (lehen sektorea nabarmenduz).
“Europan turismo iraunkorreko bikaintasun-lurraldea izatea, garapen sozioekonomiko orekatu bat bultzatuz eta bere ingurunearekin bat datozen benetako produktu turistikoak garatuz.”
Naturguneak epe luzerako kontserbazio helburua lortuko dute, enpresa sektorea inplikatuz lurraldearen erabilera jasangarria bat egiteko konpromisoarekin. Bestalde, borondatez atxikitzen diren enpresek beraiek jarduera ekonomikoa hobetu dezakete; Europa mailan aintzatetsiak izanik, eta lekuko beste sektoreekin elkarrekiko harremana sortuz (batasunak batzen gaitu). Hau da, bisitariaren gastua tokiko ekonomian atxikituz eta Km0 -ko produktuen kontsumoa sustatuz.
Laburbilduz, turismoa antolatu, planifikatu eta erregulatzen duen ibilbide-orri bat da, baliabide naturalen eta kulturalen kontserbazioa bermatuz, baita tokiko biztanleei kontrolik gabeko turismoak eragin dezakeen edozein aldaketa negatibotik babestea. Beraz, helmuga turistiko interesgarri batean bihurtu, ez bakarrik Urdaibaiko Biosferaren Erreserbak duen erakargarritasunagatik, baizik eta turistek kalitatezko helmuga batekin topo egingo dutelako.
Hasi dadila abentura!