Biosfera Erreserbak zer diren eta PUNESCOren MaB programa zertan datzan aipatu ondoren, atal honetan, sakonago azaldu nahi dizuegu zer ezaugarri dituen gure altxor txiki honek: Urdaibai Biosfera Erreserba.

Oka ibaia da paradisu natural zatitxo honen erdigunea. Oka ibaia ibaiadar bihurtzen da Kantauri itsasoan itsasoratu baino lehen. Hala, animalia- nahiz (giza-) bizitzaz beteriko paisaia ikusgarria sortzen da, muino txikiz inguratutako paduraz osatua. Urdaibaiko Biosferak 23.000 hektarea inguruko hedadura du. Hegoaldeko ertzean, Oiz mendia dago, ekialdean, Arbolitz muturra, eta, mendebaldean, Matxitxako lurmuturra; eta, iparraldean, Izaro irla ederra. Natur aberastasunez gainera, historiaz betetako eremua da Urdaibai. Hain zuzen, 22 udalerri daude biosferaren (45.000 biztanle, guztira), 15.000 urtez, egun duen itxura eman diotenak Euskadiko Biosfera Erreserbari.

Baina joan gaitezen hasierara, eta lurralde hau babesteko zergatiak azaltzera. Honaino iritsirik, geldialdi txiki bat egin nahiko genuke, eta aipatu herritarren mobilizazioei esker lortu zela UNESCOk Urdaibairi emandako babes mota jakin hori. Baina jo dezagun auziaren muinera, hain zuzen, XIX. mendearen amaierara. Garai hartan, industrializazioaren eta modernitatearen eraginez, aldatu egin zen paisaia ikusteko eta ulertzeko era, ordura arte baliabide guztiak aprobetxatzeko leku gisa ulertzen zena. Aurreko mendetik zetorren dinamika desarrollistari jarraituz, 1968an, Bizkaiko Foru Diputazioak “Mundakako itsasadarra ustiatzeko plan berezia” izeneko proiektu bat agindu zuen: Gernika eta Mundaka arteko lurrak lehortu eta urbanizatzeko proiektu titanikoa. Hori ikustean, eskualdeko bizilagunek indarrak batu zituzten Urdaibaiko ekosistemen suntsipenari aurre egiteko. Hona hemen proiektuaren irudi bat:

Zorionez, 1984an, Eusko Jaurlaritzak proiektu bat aurkeztu zuen UNESCOren aurrean, espazio hori UNESCOren MaB programan sartzeko asmoz. Hala, urte horren amaieran bertan, biosfera-erreserba izendatu zuen UNESCOk, eta Urdaibai izena jarri zitzaion.

Bitxikeria modura, aipatu beharrekoa da, gaur egun arte, Urdaibaiko Biosfera Erreserba dela lege propioa duen biosfera-erreserba-bakarra; hain zuzen, 1989ko uztailaren 6an, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Babes eta Antolamendurako 5/1989 Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horren bidez, araubide juridiko berezi bat esleitu zitzaien eremu osoari eta han egiten diren jarduera guztiei.

Kudeaketa-organoak

Vista del edificio de Ekoetxea, Torre Madarriaga.Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren bulegoak (horrez gainera, han dago Urdaibaiko Ekoetxea biodibertsitate-zentroa).

UNESCOren MAB programaren filosofia aplikatuz, parte-hartze organo batek kudeatzen du biosfera-erreserba: patronatuak. Urdaibain eskumenak dituzten hainbat administrazioren ordezkariek eta interes ekonomiko, sozial eta ingurumen-intereseko erakunde eta elkarteek osatzen dute patronatua.

Horrez gainera, lankidetza-kontseilua dago, patronatuaren organo laguntzailea. Gutxi aipatzen den arren, oso garrantzitsua da. Talde sozialek osaturiko organo kontsultibo bat da, ararteko gisa defini daitekeena; izan ere, patronatuaren eta Urdaibain jarduten duten elkarteen arteko elkarlana du helburu.

 

Biosfera Erreserben 3 funtzioak

Biosfera-erreserbek bete beharreko funtzioen artetik, hauek dira, zehazki, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak bete beharrekoak:

Vistas desde San Miguel de Ereñozar. Ría de Gernika.

Kontserbazio-funtzioa:

Gaur egun Urdaibain dugun ondare arkitektoniko, historiko, kultural eta artistikoa 15.000 urtez gizaki eta natur ingurunearen artean izandako elkarbizitzaren ondorioa da. Horren lekuko dira, esaterako, Santimamiñeko kobak, Ereñozar gaztelua, Omako basoa, euskara, Gernikako arbola, baita gure ohitura eta elezaharrak ere.

Zaindu beharreko kultur ondare horrez gainera, baliabide genetiko, espezie, ekosistema eta paisaiak babestea da kontserbazio-funtzioaren helburua. Izan ere, Urdaibai oso aberatsa da alor  horretan: 729 fauna espezie, 821 flora espezie, 86 habitat eta interes geologikoko 52 leku. Horrez gainera, aipatu behar da hiru Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu bat (HBBE) duela (Natura 2000 Sarean daude eremu horiek). Eta, amaitzeko, Urdaibaiko harribitxia: padurak. 1993az geroztik, interes naturalistikoko Ramsar padurak dira. Desagertzeko arriskuan dauden edo, gutxienez, komunitate-interesekoak diren 85 espezie daude padura horietan.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailean jasotzen da biosfera-erreserbaren kontserbazio-funtzioa. Arau indarra duen dokumentu horretan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean egin daitezkeen jarduerak arautzen dira, ikuspegi jasangarri batetik.

 

Frutas de temporada Mazorcas en el Urriko Azken Astelehena

Garapen jasangarriaren helburua:

Biosfera-erreserben aurkezpenean aipatu genuen bezala, biosfera-erreserbak esperimentazio-guneak dira. Beraz, garapen jasangarriko ereduei buruzko entseguak egiteko eta praktika onak esportatzeko laborategi bat da Urdaibai ere. Horregatik, eta gazteei etorkizun bat bermatu ahal izateko, garrantzitsua da ekosistemek gizakiari eskaintzen dizkioten zerbitzuekiko errespetua sustatzea, biosfera-erreserbaren garapen sozioekonomiko jasangarriaren, ingurunearen ikerketaren eta herritarren heziketaren bitartez.

Garapen jasangarriaren funtzioa jasotzen duen planari dagokionez, Jarduera Sozioekonomikoen Harmonizaziorako eta Garapenerako Programa aipatu behar da. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketarako Plan Zuzentzailea garatzen duen tresna bat da. Hain zuzen, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean jarduten duten ekoizpen-sektoreen jarduerak bultzatu, bideratu eta koordinatzea da programa horren helburu nagusia, udalerrietako plan eta programekin koordinatuta.

Urdaibai Bird Center Observatorio Casetas

Laguntza logistikoa

Ezezaguna denak ez du interesik sortzen eta ez da baloratzen. Horregatik, funtzio horren bitartez, garapen jasangarriari buruzko tokiko, estatuko nahiz mundu-mailako gaiekin lotura duten ikerketak, ingurumen-hezkuntzako jarduerak eta gaikuntza- eta kontrol-jarduerak sustatu nahi dira.

Urdaibain, bi alor lantzen dira: ikerketa eta hezkuntza. Horien bitartez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren balioak bultzatzen dira, eta, halaber, ezagutzak sakondu edo ezagutza berriak lortzen dira.

Ikerketa oro datu zientifiko eta teknikoetan oinarritzen da. Datu horietan oinarritzen dira kudeaketa eta plangintza arloko erabakiak. Aldiz, hezkuntzaren bitartez, herritarrentzat ulergarria den hizkuntzan jartzen dira datu zientifiko horiek.

Azkenik, laguntza logistikoaren funtzioari dagozkion helburuak lortzeko plana daukagu: Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren garapen jasangarrirako interpretazio, ikerketa, gaikuntza eta heziketarako plana. Urdaibairen garapen jasangarriaren aldeko heziketa bultzatzen jarraitzeko plan bat da, eta, plan horretan, biosfera-erreserbaren eremuan bizi eta lan egiten duten eta eremu horretaz gozatzen duten pertsona guztiak bildu nahi dira.

Amaitzeko, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren zonifikazioa azalduko dugu.

 

ZONIFIKAZIOA 

Mapa honetan, Urdaibaiko hiru eremuen banaketa ikusten da. Zehazki, erdigunea da guretzat interesgarriena, eremurik delikatuena baita. Erdigunea zati bat baino gehiagoz osatuta egon daiteke; hala, Urdaibain, babes bereziko lau eremu daude: itsasadarra, itsasertza, Kantauriko artadia eta interes arkeologikoko eremuak (besteak beste, Santimamiñe). 

 

Horra Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren ezaugarri teknikoei buruzko laburpena. Paradisu txiki honen harribitxiak ezagutu gabe iritsi bazarete honaino, hemen ikus dezakezue, modu orokorragoan, zer aukera ematen dituen biosfera-erreserbak.